Artikulu hau Katerina Sioumpouraren master amaierako lanaren emaitza da. Katerina CIBIOko (Portoko Unibertsitatea) master ikaslea izan zen, eta Antigoni Kaliontzopoulou eta Neftalí Sillerorekin batera zuzendu nuen. Zorionak, Katerina!
Ektotermo batek egin dezakeena bere gorputz-tenperaturaren araberakoa da, eta gorputz-tenperatura, aldi berean, ingurunearen araberakoa. Populazioek klima-aldaketari nola erantzungo dioten aurreikusteko, jakin behar dugu banakoen arteko fisiologia termikoaren eta gorputz-tamainaren aldakortasuna nola islatzen den haien errendimenduan baldintza errealistetan, eta ez soilik laborategian.
Horretarako, eskala fineko biologging-a eta banako mailako nitxo-eredu mekanistikoak konbinatu ditugu musker ozelatuan (Timon lepidus). Ar helduak lau mesokosmo erdi-naturaletan askatu genituen (10 × 10 m-ko barrutiak, harriekin, sasiekin eta lur irekiarekin), eta musker bakoitzari biologger txiki bat jarri genion buztanaren oinarrian. Gailuek hiru ardatzetako azelerazioa erregistratu zuten segundoko hamar aldiz, baita tenperatura, hezetasuna eta argia ere.

Azelerometroaren datuetatik abiatuta, musker bakoitza noiz mugitzen zen eta noiz geldirik zegoen sailkatu genuen. Aldi berean, banako bakoitzerako eredu mekanistiko bat eraiki genuen NicheMapR erabilita, mikroklima-eredua (mesokosmosetan jarritako datalogger-ekin kalibratua) eta ektotermo-eredua erabiliz, gorputz-tenperatura etengabe aurreikusteko. Aurreikuspen horiek lokomozio-errendimenduaren banako errendimendu termikoko kurbekin (TPC) konbinatuz, gorputz-tenperatura mugimenduarekin lotu, konpromiso ebolutiboak (trade-off) aztertu eta mugikortasun-leihoak simulatu ahal izan genituen +2 °C eta +4 °C-ko berotze-agertokietan.

Banakoak ’espezialista’ eta ‘generalista’ arteko estrategia termikoen continuum batean banatu ziren. Batzuek lokomozio-errendimendu handiagoa lortu zuten, baina tenperatura-tarte estu batean soilik. Beste batzuek errendimendu maximo txikiagoa zuten, baina tarte zabalagoan mantentzen ziren aktibo. Ez genuen ‘beroago hobe’ (hotter-is-better) hipotesiaren aldeko frogarik aurkitu, tenperatura optimoa eta errendimendu maximoa ez baitzeuden korrelazionatuta.
Gorputz-tamainak ez zuen mugimendu-patroietan eraginik izan egungo baldintzetan. Hala ere, berotze-simulazioek erakutsi zuten banako guztiek mugikortasun-denbora irabazten zutela, eta banako handienek proportzioz askoz gehiago irabaz zezaketela muturreko berotzearekin (+4 °C), agian beren inertzia termiko handiagoak babesten dituelako. Espezialistek, batez ere txikiek, mugikortasuna irabazi zuten berotze moderatuarekin, baina irabazi horiek gelditu egin ziren tenperatura altuagoetan.
Oro har, banakoen arteko fisiologia termikoaren eta gorputz-tamainaren desberdintasun txikiek lokomozio-errendimenduan eta mugikortasunean desberdintasunak eragin ditzakete. Datu fisiologikoak, portaerazkoak eta mikroklimatikoak integratzeak tresna indartsua eskaintzen digu klima-aldaketak ektotermoen nitxo espazial eta tenporalak nola alda ditzakeen aurreikusteko.
Artikulurako esteka: https://besjournals.onlinelibrary.wiley.com/doi/full/10.1111/1365-2656.70376


