Joan edukira

Artikulu berria musker berdeen dibertsifikazioari buruz

Urtzi Enriquez-Urzelai
Egilea
Urtzi Enriquez-Urzelai
Ekofisiologo ebolutiboa

Biogeografia historikoak, morfologiak eta nitxo klimatikoaren eboluzioak espezieen dibertsifikazioan duten eragina bereizita aztertu ohi da normalean. Hutsune hori betetzeko, historia geologikoak, inguruneak eta ezaugarri fenotipikoen eboluzioak Mediterraneoko biodibertsitate-gunean (hotspot) musker berdeen linuen dibertsifikazioan duten zeregina ebaluatu dugu.

Musker berdeen linu guztietarako, banaketa-eremuak eta kanpoko ezaugarri morfologikoak karakterizatu ditugu eremu biogeografiko diskretuetan, okupatutako makro-habitatetan eta nitxo klimatikoetan zehar, batez besteko zein muturreko baldintza klimatikoak ordezkatzen dituzten ingurumen-aldagaiak erabiliz. Faktore geografikoek dibertsitate-patroietan duten laguntza ebaluatzeko, 24 eredu biogeografikoren egokitzapena aztertu dugu. BAMM tresna erabili dugu eta seinale filogenetikoa estimatu dugu linuen dibertsifikazio-tasak eta ezaugarri fenotipikoen zein nitxo klimatikoen eboluzio-tasak neurtzeko; bide batez, prozesu horiek modu etengabean edo aldi zehatzetan gertatu ziren zehazteko, gertaera paleogeologiko edo paleoklimatikoen erantzun gisa. Azkenik, ezaugarri fenotipikoen eta linuen dibertsifikazioaren arteko loturak probatu ditugu, ezaugarrien araberako dibertsifikazio-analisiak erabiliz (QuaSSE, ES-sim eta STRAPP).

Analisi biogeografikoek sakabanatze-bikariantza (dispersal–vicariance) eredu bat babestu dute musker berdeen espeziazio-patroiak azaltzeko, “jauzi bidezko sakabanatzea” (jump dispersal) eta distantzia geografikoak mugatutako sakabanatzea barne. Linuak pixkanaka metatu dira gaur egunera arte, ezaugarri morfologikoetan dibergentzia txikia erakutsiz eta nitxo klimatikoetan kontserbadurismoari eutsiz. Aldiz, Lacerta agilis linuaren kasuan, nitxoaren eboluzioak ingurune hotzagoetara hedatzea ahalbidetu izana liteke. Morfologiaren eta nitxo klimatikoaren eboluzioa dibertsifikazio-tasetatik deskonektatuta agertu dira.

Prozesu biogeografikoek asko azaltzen dute musker berdeen linuen dibertsifikazio konstantea Mediterraneoan Miozenotik hona; ondoren, pixkanakako dibergentzia fenotipikoa gertatu da, kladogenesiari lotu gabea. Nitxo klimatikoaren kontserbadurismoak linuen metaketa sustatu zuen Mediterraneoan, L. agilis espeziearen kasuan izan ezik; azken honetan, nitxo klimatikoaren eboluzioa izan daiteke latitude altuagoetarako hedapenaren oinarria.

Artikulurako esteka: https://onlinelibrary.wiley.com/doi/abs/10.1111/jbi.14497